Euskarazko lehen poemak, XVI. mendearen hasierakoak, aurkeztu dira euskararen nazioarteko egunean Donostian. Testua, Oñatin, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan aurkitu zuen Rosa María Ayerbe doktoreak XVI. mendeko ezkontza kontratuak arakatzen zebilela. Miguel Ibáñez de Insausti eskribau azkoitiarraren eskritura batzuk biltzen zituen koadernillo baten azalarena egiten zuen orri batean zegoen, erderazko proba batzuek uzten zuten espazio zurian idatzita, orri buruan, bi ertzetan eta erderazko testuaren lerroartean. Poemen egilea, notario honen eskribautzan ofizioa ikasten ari zen ikasle bat izan zitekeela ondorioztatu da.


Testua bi poemak osatzen dute: Ene laztan gozo ederra eta Goizean goizik jagui nintzan, gehi hirugarren baten incipit tatxatu irakurgaitza: Egun batean ninjoela.
Onomastika Elkarteko kide Ander Rosek, bera izan baita azken bederatzi hilabeteotan testua osatzen eta aztertzen aritu den filologoa, azaldu zituen testu berri honen ezaugarri nagusiak. Fray Zumarragoaren gutunera arte, 1537koa baita, agertu diren bi poema hauek dira euskara arkaikoko testurik luzeena. Hiru testu zaharrago badira, baina hirurak ere nabarmen txikiagoak eta hirurak ere Nafarroan aurkituak. Oñatin aurkitutakoa Mendebalde osoko zaharrena da eta Iparraldean ere ez du aurrekorik. Hapaxak, hapaxak zirenei kategoria kendu dieten hitzak, arkaismo morfologikoak, lokalismoak, … asko dira bi poemek, beren txikian, aurkezten dizkiguten alderdi interesgarriak.

Artxibo historikoak zuzentzen duen Ramon Martinek argi izan du hasieratik beronen helburua testu hori publikoaren eta adituen eskuetan jartzea zela. Horretarako, alabaina, testua baldintza egokietan aurkeztu beharra zegoen. Izan ere, dokumentuaren egoera ez zen egokiena eta testua irakurtzeko zailtasun handiak zituen.

Dokumentua irakurtzeko zailtasunak ematen dituen letramolde gotiko kurtsiboan dago idatzita. Zailtasun horrez gain, euskarriak haustura txikiak ditu ezkerreko ertzean eta tinta trazu batzuk tatxaturik, ezabaturik, korriturik eta gainidatzirik daude. Beste arlo batean, poemek, ez baitaude lerroka idatzita eta bai testu korrituan, ez dute adierazten duten mezua nahiko genukeen bezain garden uzten.

Lan hori egiteko lantaldea osatu zuen Ramon Martinek artxiboko “ekosistema” baliatuz. Ander Ros Onomastika Elkarteko poiektu baterako ari zen Azkoitiko eskritura zaharrak aztertzen (https://onomastika.org/proiektuak/azkoitia-hastapen-historikoetan/) eta hortik etorri zitzaion dokumentuaren lehen balorazioa egiteko eskabidea. Iago Irixoa historilariak, garai hartako dokumentazioan aditua baita, lehen transkripzioa egina zuen. Hilabeteak eman dituzte taldeko kideek irakurketa zaileko pasarteak argitu beharrean.

José Valderrey argazkilariak Wood lanpara baliatuz gama ultramoreko argazkia egin zuenean hobetoxeago irakurri ahal izan zen dokumentua. Nolanahi ere, azterketa paleografiko zehatza egin beharra zegoen, tinta ezberdinak bereiztuz hizki guztiak banan-banan trazatuta. Zeregin hori ere Ander Rosek hartu zuen bere gain, bai eta dokumentua online jartzeko edizio kritiko digital bat ere. Azken hilabeteak argazki hiperespektralen zain eman dituzte, dozena erdi bat hitzek oraindik ematen baitituzte irakurtzeko arazoak. Zoritxarrez, argazki berriek ez dute nahi zuten emaitza eman baina oraindik badago teknologia berriei esker testua irakurgarriago uzteko esperantza izpi bat.


Pingback-a: Orain dela 500 urteko euskarazko lehen poemak ezagutzera emateko proiektuan parte hartu du Onomastika Elkarteak | ONOMASTIKA ELKARTEA | FiloBlogia